Udako ikastaroak UEUn, matrikula zabalik da iada 2010/06/08

gertu

Urtero bezala, aurten ere UEUk udako ikastaroak prestatu eta gertu dira iada; matrikula egiteko epea zabaldu da. Eibar, Baiona, Iruñea eta Lekeition burutuko dira ikastaroak. Alor desberdinetako gaiak landuko dira bertan, besteak beste: pedagogia, komunikazioa, ipuingintza, informatika, historia, ingurugiroa, etab.

Hauen artean sexologia gaiari ere tartea eskeini diote eta interesgarriak  iruditu zaizkigun ikastaroak aurkitu ditugu. Hortxe ikastaro bakoitzaren nondik norakoak:

“Tantra: maitasunaren atea”                       Baiona  Uztailaren 5etik 9rarte

Tantrak ‘bizitzari bai’ dio. Ez da sinesmena edo fedea; bizitzeko, esperimentatzeko eta sentitzeko modu bat baizik, oraingoxe unea onartzen duena, nahita aukeratu izan bazenu bezala.

Tantra geure burua maitasunari irekitzeko modu bat da, geure burua garatzeko eta geure zentzumenak fintzeko.

Tantrak dio: onartu zeure burua zaren bezala, hauxe da oinarrizkoena. Zaren modukoa onartuta baino ezingo baituzu hazi. Horregatik, zeure buruarekin maitekorra izaten ikastea, zeuregan arreta jartzea, zeure burua errespetatzen eta barkatzen ikastea…, hori dena izango da premiazkoa, gero maitasun hori partekatu ahal izateko, zintzotasunetik, errespetutik eta indibidualtasunetik.

Jaiotzen garenetik gauza asko ikasten dugu, baina gutxitan konturatzen gara maitatzen ikastea, bihotza zabaltzen, gorputzeko energia hedatzen, oinarrizko baldintza dela zoriontasun eta osotasunerak

“Sexu hezkuntza ikastaroa”                        Baiona Uztailaren 5etik 7rarte

Sexualitatea —gozamen, komunikazio eta ugalketarako iturri bezala ulertuta— gizaki guztien alderdi eta ezaugarria da, emakume eta gizonenak, neska eta mutilenak; jaiotzen garenetik eta gure bizitza osoan zehar. Izate hau, bizitzako aro ezberdinetan, era anitzetan gertatzen da, prozesu mugikor eta gizabanakoa delako. Horregatik, bakoitzaren garapenean eragina dauka, baita gure ingurukoekin ditugun harremanetan ere, hau da, garrantzitsua da gizartean.

Pertsona guztiak sexu-hezkuntza egiten dugu (balio batzuk igorriz, jarrerekin…) eta askotan ez gara konturatzen egiten ari garenik. Horregatik da hain garrantzitsua neska eta mutilen hezkuntzan ari garenok bidaltzen ditugun balio eta jarrerak esplizitu egitea.

Hezkuntza pertsona arduradunak prestatzea dela uste dugu, berdintasun-jarrerak onartzeko prest, baita errespetu eta harremanetan arduradunak izatea ere.

“Emakumeen erotika tailerra”               Iruñea Uztailaren 20tik 22rarte

Historikoki sexuen arteko erlazioak bizitzako eremuen banaketa ezberdinekin antolatu egin dira. Gizonak mundu publikoan agindu du eta emakumeak pribatuan. Hala ere, pribatuaren eremu batean, intimitatearenean, emakumeak murrizketak jasan ditu, modu zoriontsu batean bizitzeko zailtasunak sortuz.

Tailerrak emakume bakoitzaren identitatea modu positibo batean garatzea laguntzen du, gure gorputzarekin dugun harremana aztertzea bezala baita gure desioen jabe egitea ere.

Horretarako Sexuen Teoria irizpide izango dugu eta Emetasuna balio bezala ulertuta gure jarrerak eta bizipenak landuko ditugu.

Matrikulazio epeak, programazioak, lekuak, datak etabarren gaineko informazio gehiago ezagutzeko klikatu hemen.