Martxoak 24, GazteBurdela Durangon. 2012/01/17

gazte-burdela3

 

Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak, urte bete darama GazteBurdela prestatzen; Euskal Herriaren agendan errotu nahi dugun topaketa nazional berria.

Hausnarketa sakonetatik eta autokritika zorrotzetatik jaio den ekimen hau jendarte eta batez ere gazte orori zabaldu nahi diogu. Gay eta lesbiana erakunde erreformistek historikoki erabili dituzten erakusleiho eta getoetatik salto egingo dugu, mugimendu intsumiso eta iraultzaile anitza zabalduz.

GazteBurdela, genero edota sexualitate autuetatik harago doan topaketa izango da. Sistemak gure bizimoduan inposatutako bizi eredua irauli nahi dugu. Bizi eredu hori, normetan eraikitzen den sistema kontrolatzailea da eta, gure nortasunetan txertatzen dena: sentitzeko, gozatzeko, elkartzeko eta azken finean askatasunez garena izateko aukerak bi patroi zurrunetara mugatuz; osatzen dugun aniztasuna bazterreratuz. Baina normetan eraikitako kontrol hori jendarte eragin ukaezina du era berean: borrokatzeko, aldarrikatzeko, gure analisiak burutzeko… oztopo bihurtzen dira; herritarron askatasunaren kontrakoak beti, sistema beraren onurarakoak beti.

Errealitate horretatik abiatuta, sistema heterozentrista hau iraultzeko borroka eta dinamika moldeak amaigabeak izan daitezke, eta horretarako burutu nahi dugu GazteBurdela: bi urterik behin bada ere, jendarte eredu berri baten itxaropenaren zama daramagun elkarte, eragile eta mugimenduok, norma denak hausteko aukera izan dezagun. Ausardiaz eta tinkotasunez. Bidea ondo definituz. Gaztehgam-etik, badakigu nola erantzungo diogun sistema heterozentristari: debekatzen duten guztia euren muturren aurrean egingo dugu. Gainontzeko gizabanako, kolektibo, elkarte eta herri mugimenduak erabaki dezaten nola hautsiko duten inposatutako norma, GazteBurdela herri mugimenduaren arma izatea nahi dugulako, eta Martxoak 24, Durangon elkartuko gara. Norma denak hautsiko ditugu!

 

 
Printzesa kontrolpean 2012/01/02

Maite Asensio Lozano

Iturria:Berria.info

Gazteen bikote harremanetan ere indarkeria matxista badagoela diote ikerketek. Adituek ohartarazi dute bortizkeria hori psikologikoa eta soziala dela fisikoa baino gehiago eta, beraz, sotilagoa.

Sakelakoaren txirrinak esnatzen du egunero Uxue: «Egun on, printseza!», agurtzen du Jonek. Mutil-lagunaren lehen SMSak irribarrea aterarazi dio. Laster jasoko du bigarrena, matematika klasean, irakasleari buruz: «Ez da batere tontoa. Zer edo zer egiten badizu, ikusiko du». Handik gutxira, barkamena eskatuko dio: «Badakit ez didazula minik egin nahi, neska ona zara». Arratsaldean, ikasgelatik ateratzean, bila joango zaio: «Sorpresa! Insti aurrean nago. Ez zara Oier tontoarekin hitz egiten egongo, ezta? Etorri, etxera lagunduko zaitut». Afalorduan ere Jonen berri izango du: «Ez egin beste planik. Jarri polit niretzat». Eta gauean zain egongo da Uxue, mutil-laguna noiz helduko; Jonek kale egingo dio, eta, gezurretan, ama ospitaleratu dutela esango dio, lagunekin parrandan ibili dela ezkutatzeko. Azkenik, Uxuek harremana moztean helduko dira Jonen mehatxuak: «Ni ez nau inork uzten! Kontuz ibili: nirekin ez bazaude, ez zaude inorekin».

Urtxintxa eskolak plazaratu berri duen Egun on printzesa! film laburraren pasarte horretan ez dago zaplaztekorik, ezta kolperik edo jipoirik ere, baina bai indarkeria sexista. Nerabe eta gazteen harreman afektiboei buruz egindako azterlanek ohartarazi dute erlazio horietan ere badela indarkeria; baina emakume gazteak konturatzen al dira jasaten dituzten bortizkeria egoerez?

«Indarkeria fisikoa erraz identifikatzen dute, baina oso urrun ikusten dute, helduen arazoa balitz bezala; aldiz, fisikoa ez den hori antzemateko adierazlerik ez daukate», laburbildu dute Amagoia Osinalde eta Ibai Fresnedo Urtxintxa eskolako kideek. Fisikoa ez den hori indarkeria psikologikoa eta soziala dela erantsi dute, «oso sotila». Horregatik, Jon ez da fisikoki ageri filmean. «Erasotzaileei buruzko soslai jakin bat dute neskek, hedabideek sortua: etorkina dela, oso izaera bortitza duela… Film laburrean, bere aurpegia ez erakutsiz, sotiltasun hori nabarmendu nahi izan dugu: bera ez, baina bere indarkeria bai ikus daiteke», zehaztu du Osinaldek.

Dena irakurri

Bideoa ikusi

 

 
Abortuari hesia estutzear 2011/12/28

Iturria:Berria.info

Mikel Peruarena

Abortuaren legea aldatu nahi duela iragarri du PPk Espainiako Gobernua hartu orduko, baina ez du zehaztu nola. Auzitegi Konstituzionalak PPren helegite bati emango dion epaiaren neurriko aldaketak espero dituzte profesionalek.

Abortuaren legea polemika betean onartu zuen Espainiako Parlamentuak, 1985ean. Feministen «abortu libre eta doakoa!» aldarria tokitan gelditu zen, baina abortua egiteko hiru zirrikitu ireki zituen lege hark: haurdunaren osasunarentzat kaltegarri izanez gero, fetuak arriskua izanez gero edo bortxaketa bat jasan izanez gero, emakumeek posible zuten abortatzea. Ordura arte, legez kanpokoa zen. Iaz aldatu zuten legea, uztailaren 5ean; lege berriak andreei aukera ematen die inori arrazoirik eman gabe abortatzeko haurdunaldiko hamalaugarren astera arte. Hori ere ez zen abortu librea, baina zirrikitua zabaldu zen.

Datu bat, Hego Euskal Herrikoa: iaz arte, haurdunaren osasuna arriskuan egotea izan da abortuen %90 baino gehiagoren arrazoia; lege berria indarrean denetik, abortuen %1 eskasean argudiatu dute haurdunaren osasuna «arrisku larrian» zegoela. Legeak andrazkoen errealitatera egokitu ordez, andrazkoak izan dira legeen zirrikituetara egokitu direnak.

Eta orain zirrikituak itxi nahia agertu du Espainiako gobernu berriak. Azaroaren 20an bozak gehiengo osoz irabazita, kanpainan agindutakoa beteko duela iragarri berri du Soraya Saez de Santamaria gobernuko bozeramaileak: PPk abortuaren legea aldatuko duela. Legea onartu zenean, Mariano Raxoiren alderdiak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean; epaiaren zain daude popularrak, baina aldaketak zeintzuk izan daitezkeen helegiteak berak erakusten du.
Hasteko: 16 urtetik 18ra bitarteko neskatoek, indarrean dagoen legearekin, ez dute gurasoen baimenik behar abortatzeko. Raxoik argi adierazi du bere iritzia: «Ez dut onartzen 16 urteko neskato batek amaren edo aitaren baimenik gabe abortatzea». Egiaz, adingabeen abortuak ez dira guztien %10era iristen, baina tema erakutsi du PPk puntu horretan.

Bilgune Feministaren hausnarketa: arazoa ez dago lege batean edo bestean, «emakumeen erabakitzeko eskubidean» baizik, Arangurenen hitzetan: «[2010eko legearekin] Egia da kontu batzuetan aurrera egin dela, baina oraindik profesionalen hitza emakumeen hitzaren gainetik jartzen jarraitzen dute. Gure gorputzaren kontrola gure eskuetatik kanpo uzten dute, eskubide bat behar lukeenari epeak eta baldintzak jarriz». Indarrean den osasun ereduak ez dituela andrazkoak aintzat hartzen eta prebentzioa baztertzen duela uste du Bilgune Feministak: «Ez da heziketan eta gorputzaren ezagutzan oinarritzen, eta horrek pertsonon autonomiaren galera dakar». Autonomia hori eta «gorputzaren kontrola» da berreskuratu behar dena, Arangurenen iritziz, legeak gorabehera: «Gure gorputzean interes ekonomiko, politiko eta ideologikoek eragin nabarmena dute».

Gehiago irakurri

 
SEXBERRIAK 2011/12/19

Osasuna. Sexologia

Iturria:Berria.info

Agurtzane Ormatza Imatz

Azken boladan sexuekin, sexualitatearekin eta erotikarekin lotutako hainbat berri egon dira. Printzipioz, batak bestearekin ez zuen zer ikusi handirik.Horien artean bi ekarri ditut:

«Gay gazteen artean babes gabeko praktikak gehitu egin dira, eta GIBa kutsatzeko arriskua handitu da».

«Krisi ekonomikoa dela eta, gero eta gizon gehiagok erekzio arazoak dituzte».

Horrelako berriek geure arreta berehala erakartzen dute. Are gehiago, entzuten duguna ulertu nahian albistean bertan azaltzen diren datuak, konparazioak, bizipenak eta abarrekoak bilatzen ditugu, eta denak oso gertutik begiratzen ditugu. Hain hurbiletik aditu ere, gure bizipenak ekartzen ditugula datuekin konparaketa isil bat egiteko. Hala ere, askotan zaila egiten zaigula abstrakzio bat egitea, edo berria bera bestelako begirada batekin prozesatzea. Zer esanik ez sexualitatea, sexuen arteko harremanak, jokabide erotikoak… albistearen mamia direnean.

Gizarteak, hedabideek, erakundeek… aspalditik konturatu, onartu, eta esan ere esan dute sexualitatea jaiotzearekin bat hasten dela, eta heriotzarekin amaitu. Gure gorputz osoa dago tarte horretan, eta horren isla da nahi eta nahi ez. Gure bizitza osoko bizipenak, gure hezkuntza, gizartea, gure familia, ernalkuntza unetik gure baitan dakarkigun informazio guztia dira gure sexuaren, sexualitatearen eta erotikaren osagarriak.

Jakin badakigu bai, baina sarri gai horiei lotutako berriak irakurtzerakoan hauxe ikusten dugu:

1. Babes gabeko praktikak, antza denez, batzuenak baino ez dira; aurreko kasuetan, gay gazteena. Jakin badakigunean jokabide erotikoek ez daukatela sexurik, ezta harreman motarik ere. Norberak aukeratzen dituela gustukoenak dauzkanak. Baina hori gutxi balitz bezala, berriro ere saltzen dizkigute soilik kondoiaren erabilera… Eta ez da aukera bat ere txarra, baina beharbada, mugatua. Zer moduz azaltzen badugu ezetz esatea ez dela gauza eskasa, eta, aldi berean, proposatu gozatzeko, orgasmoak izateko inolako arrisku bako bestelako aukerak. Adibidez, norberaren gorputza erabiliz laguna masturbatzea?

2. Gizonen erekzioaren arazoa larria dela, zer esanik ez krisiarena, ezta? Baina, tira, ez da gaurko gaia. Gizonen gogoa eta indarra zakilaren erekzioan neurtuko balitz legez. Jakin badakigunean gizonen eta andreon desioa, erekzioak, plazerak oso modu desberdinetan garatzen direla. Zer moduz azaltzen badugu gure gorputzak kontatzen diguna gure bizipenekin lotuta dagoela, ez dela arazo bat, ispilu bat baino. Zer moduz azaltzen badugu zure lagunari musuek egindako soinekoak ez duela erekziorik behar? Zer moduz esaten badugu aste batzuetan ez baduzu zakila inon ere sartzen ez dela arazo bat?

Horrenbeste badakigu, zergatik ez ditugu gaiak hobeto azaltzen, sakontasun gehiago emanez? Hain gutxi badakigu zergatik ez dugu azalpen gehiago eskatzen?

 
Maitasuna…baina nola maitatu? 2011/12/13

maitasuna

Nola maitatu behar genuke feministok?”. Galdera horren inguruan hausnarke bat egin du Kattalin Miner-ek Pikara magazinean argitaratutako artikulu honetan.

Feministok ez diogu uko egin maitasunari. Ez dugu ezer maitasunaren aurka, maitemindu egiten garelako zoroki, besteak bezala, baina hori nola kudeatu, arau hegemonikoaren bidea jarraitu gabe, hori bai, hori saiatu harren kosta egiten zaigu

Feministok askotan esan ohi dugu, maitasun erromantiko hegemonikoak zenbat min egin digun emakumeoi; bai, printze(sa) urdinaren ideia horrek, zer esan laranja erdiaren kontzeptuak edo “sin ti no soy nada” estribilo gorrotagarriak. Indarkeria erraz identifikatzen dugu maitasunari lotutako ideia askorekin (orain Azaroak 25a, hain gertu egonik, zer esanik ez), eta hortaz hausnartzen jarrita, galdera izugarri luze eta kontraesan sakonak sorrarazi izan dizkigu askotan. Baina liburu honek eman dit erantzunen bat edo beste, (edo ziurrenik galdera gehiago), aspalditik buruan nuen galdera horri: nola maitatzen dugu edo maitatu behar genuke feministok?

Irakurri gehiago

 
Esna bidean erakusketa eta egitaraua 2011/12/09

esna-bidean

Altzoan Elkarteak “Esna-bidean / En la Vida Láctea” izeneko erakusketa antolatu du. Abenduaren 16tik urtarrilaren 14ra egongo da ikusgai (entzungai, ikasgai…) Tolosako Aranburu Jauregian. Haurren edoskitzea, bular-ematea, naturaltasunez hartua izatea da “Esna-bidean / En la Vida Láctea”-k sustatu nahi duen jarrera. Hori dela eta, bular-ematea gai hartuta, hainbat argazki, ilustrazio, margo-lan, eskultura eta ikus-entzunezko bilduko ditu erakusketak. Horrez gain, egitarau zabal bat ere izango du. Erakusketa zabalik den egunetan hainbat hitzaldi, tailer, ipuin kontaketa eta bular-emate saio egingo dira erakusketan bertan.

Informazio gehiago

 
Sexualitate ludiko eta jostailu erotikoen onurak 2011/12/09

jostailu-erotikoak

“La Jugueteria erotic toys”dendako Manex Rekartek bideratuko ditu hitzaldia eta tailerra, eta jostailu erotikoen jatorri, ezaugarri eta erabilerak erakutsiko ditu. Sexualitatearen alderdi onuragarrienak izango dira hizpide, eta umorea nagusi izango da tailer honetan.

Ekin Emakumeak elkartean erotismoa normaltasunaren biderantz eraman nahi dugu. La Jugueterian sexualitate positiboaren bultzatzaileak dira, hain zuzen jostailu erotikoek pertsonen bizitza sexualean izan ditzazkeen onurak bultzatuz. Horrela ba, sexualitatea eta erotismoarekin loturiko hainbat gai landuko ditu Rekartek: masturbazioa, jostailu erotikoen jatorria, ezaugarri eta erabilerak, sexu anala, masaia erotikoa, fantasiaren jokoak, etab. Amaieran, galderentzako tarte luze bat egongo da dudak argitzeko.

 
Jaurlaritzak asmoa du gizonen artean kutsatutako GIB kasuak gutxitzeko 2011/11/24

 Testuaren Iturria Berria.infohiesa3

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemaniko kutsatzeen %41 gizonekin sexua duten gizonen artean izan dira

Sexu bidez transmititzen diren infekzioei aurrea hartzeko kanpaina bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak gizonekin sexua duten gizonentzat. GIB birusaren infekzioetan biztanleriaren sektore honen inguruan azken urteetan jasotako datuak kezkagarriak direla-eta hartu dute erabakia. Izan ere, iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzemandako GIB kasuen %41 gizonekin sexua duten gizonen artean gertatu ziren. Terminologia horren bitartez bildu nahi izan dituzte, homosexualak direla jendaurrean esan duten gizonez aparte, sexu praktika horiek dituzten beste talde batzuk. Horien artean leudeke bisexualak, homosexualak direla adierazi ez dutenak eta noizbait harreman homosexualak izandako gizon heterosexualak. Nazioartean adostasuna duen terminoa da.

Ez itxi begirik GIB/Hiesari. Gizontasunez, erabili preserbatiboa lelopean kanpaina egingo dute Azaroaren 23tik Abenduaren 6rarte

Internet bidezko kotsulta bat abian jarriko dute

Dena irakurri

 
Abian jarri eta aniztasunean mugitu 2011/11/21

aldarte-eusk

 
Emakumeok gozatzen 2011/11/21

Berria.info

Agurtzane Ormaza Imaz

emakume-erotika

Ba al dakizue? Emakume askok kasualitatez ikasi dute orgasmora heltzen. Adibidez, txikitan txizari eutsiz, indartsu izterrak elkartuz eta alua uzkurtuz. Edo baserriko zutabeetatik jaitsiz eta alua ondo itsatsita zutabera igurtziaren igurtziz. Edo etxeko sofaren besaulkiaren kontra alua igurtziz… Eta ba al dakizue nagusitan eskuarekin saiatzen direnean oso zaila egiten zaiela? Ai, baina bestelako igurtziaz, Ilargiraino eta buelta.

Ba al dakizue zenbat neskatilak ikasi zuten beren lagunarteko beste neskato batekin gorputzen elkar joko gozagarria? Askok sekretutzat daukate, batzuek oroitzapen gozagarritzat, larregik lotsagarritzat… Baina euren erotikaren eta sexualitatearen garapenean ezinbesteko lekua!

Ba al dakizue oraindik badaudela neska edo emakume eta mutil edo gizon emakumeon plazera eta orgasmoa koitoarekin lotuta daukatenak eta oso txarto sentitzen direla euren buruekin koitoaren bidez ez dutenean gozatzen gura bezainbeste? Uste dute arazoren bat dutela edo ez dakitela koitoa behar den moduan egiten.

Irakurri dena